Areatza Udan

Emakumea eta Lurraldea Zikloaren barruan, kabareta eta kontzertua dagoz eguenean

Asier Abrisketa 2023ko uzt. 4a, 10:53

Areatzako bainuetxe ondoko landan, 20:00etatik aurrera egongo dira Ganso&Cia-ren Panoli kabaret eta Vulcanizadas taldearen kontzertua ikusgai.

Areatza Udan ekimena atera dau aurrera Udalak eta honen barruan, Emakumea eta Lurraldea Zikloa dago, bainuetxe alboko landan programautako jardunaldi bigaz. Ikuskizunek, bakotxak eroandakoagaz afari herrikoiak eta kontzertuek osotuten dabe egun bietako egitaraua. Lehenegoa asteon izango da, eguena hilak 6, eta bigarrena hilaren 27an. Biak be, 20:00etatik aurrera.

Holan, eguen iluntzean Ganso&Cia clown konpainia igongo da oholtzara, Panoli kabareta ikuskizuna taularatzera. Publiko guztientzako emonaldia izango da, testu bako clown ikuskizuna. "Autoestimu gaindosi" batek jotako personai biren parodia kontetan dau magia, akrobazia eta barre artean.

Gero, hurreratutakoek etxetik eroandako janariagaz afalduko dabe eta 22:00etan hasiko da Vulcanizadas taldearen kontzertua. Hau, blues eta soul musikea egiten dauan ibilbide luzeko musikariek osotutako talde barria da. Izaskun Simón Zardoyak (saxofoi altua), Nerea Arrieta Ibañezek (Keys eta ahotsa), Elsa Garcia Lizundiak (sasofoi tenorra), Virginia Fernandez Reviriegok (perkusinoa eta ahotsa) eta Jone Ibarretxe de la Cal-ek (bajua eta ahotsa) osotuten dabe taldea. Taldeak euren musikea konposatzen urtebete emon ostean, 2023an, disko bat kaleratzeko asmoa dauka.

Vulcanizadas-eko taldekideak // Aritz Albaizar

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!