marrazketea

Areatza marraztuteko batuko dira hainbat lagun

Bea Azpiri 2023ko mai. 18a, 10:38

Bariku arrastian urban sketch teknikaren inguruko ikastaroa egin eta praktikatu ostean, zapatuan marraztuko dabez Areatzako bazterrak, Martin Muroren gidaritzapean.

Deialdia datorren bariku, maiatzak 19, eta zapaturako da. Egun bi horretarako marraztea ardatz daukan egitaraua prestatu dabe Areatzako Udalak eta Martin Muro ilustratzailearen Estudio Duendek, herriko beste eragileren batzuen laguntzeagaz.

Barikuan, 17:00etan ikastaro bat emongo dau Estudio Duendekoak, uriko krokisak -urban sketch- egiten ikasi gura eta aldez aurretik izena emon dabenei. Ostean, marrazki poteoa egingo dabe herrian zehar marrazketa zaleek.

Hurrengo egunean, 11:00etan, marraztuko dabez Areatzako bazterrak horretarako prestatu daben ibilbidean. Marrazkiok eta jatekoa konpartiduko dabe bazkalorduan, eta bazkalostean, 17:00etan, Sabes muy bien taldearen kontzertuak ipiniko deutso amaierea Urban Sketch topaketeari. 

Urban Sketch

Uriko krokisak egiteko batu eta marrazki azkarrak egiteko zaletasuna, mundu osoan zabaldu da eta komunidade global bat osotuten dabe kalean bertan marraztuten daben artistek. Ikusten dabena marraztuten dabe hainbat teknika erabiliz, alkarreri lagunduz eta taldeka. 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!