Laminetxe Gztx

Laminetxe Gaztetxea barriro hasi da urteurrenak ospatuten

Asier Abrisketa 2023ko mai. 11a, 11:15

Zazpi urtez zarratuta egon ostean, zapatuan ospatuko dau Areatzako Gaztetxeak lehen urteurrena; bazkari, frontenis, poteo eta kontzertuakaz ospatuko dabe urtebetetzea.

Zapatuan, hilak 13, Areatzako Laminetxe Gaztetxeak bere, bigarren, lehen urteurrena ospatuko dau. Izan be, gaztetxea 2007an martxan ipini bazan be, 2015ean erabilera barik gelditu zan. Halanda be, belaunaldi barriek pasau dan urtean zabaldu ebezan barriro ateak, oin dala urtebete. Holan, Laminetxeren berpizkundea ospatuko da asteon, eguerdian hasiko dan egitarauagaz.

Jaiaren hasikerea, 14:00etan botako dan txupinak markauko dau eta lehenengo, bazkaria egingo da. Bixer eta Hagina tabernatan lortu daitekez txartelak, hamar eurotan, eta eskaintza beganoa egongo da, txartelak erosterakoan abisau behar da.

Arrastiz, 17:30ean jokatuko da atzen hileetan jokatuten dabizan Frontenis Txapelketako finala, bai eta hirugarren eta laugarren postuak ebazteko partidua. Finalean Xabier Asua eta Ibai Agirre, Unai Bengoetxea eta Mikel Izurzagaz egongo dira aurrez aurre. Hirugarren eta laugarren postuagatik ostera, Itziar Etxebarria eta Mikel Txirri batetik eta Gorka Urutxurtu eta Julen Ipiña bestetik lehiatuko dira.

Gero, herriko tabernetatik egingo dabe poteo musikatua eta gauez izango dira kontzertuak, 22:00etan hasita. Lehenengo, Zeinke talde lemoaztarra igongo da oholtzara eta gero, Toc talde mungiarrak ipiniko ditu rock doinuak gaztetxean. Amaituteko, Dj Feli billaroztarrak hartuko dau musikearen ardurea.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!