musikea

Areatza Musik and Beer-eko antolakuntzeak lau banda iragarri ditu

Erredakzinoa 2023ko mar. 3a, 10:45

Eric Steckel estatubatuarra, La Perra Blanco cadiztarra, Edgar Blues Trio kataluniarra eta Henrik Freischlader alemaniarra dira momentuz jakinarazo diran bandak.

Areatza Musik and Beer-eko antolakuntzeak bideo baten bidez emon dauz jakitera bagilaren 2 eta 3an Areatzan egingo dan nazinoarteko musika eta garagardao artisau jaialdian parte hartuko daben lau banda.

Zezeilaren amaieran iragarri ebezan Areatzako Musik and Brewing Musika eta Kultur Elkartekoek lau taldeak. Eric Steckel Pennsylvaniatik etorriko da, La Perra Blanco La Linea de la Concepcionetik, Edgar Blues Trio Bartzelonatik eta Henrik Freischlader Alemaniatik. Halanda be BEGITUk jakin ahal izan dau beste bost talde be egongo dirala behintzat bagileko lehen astegoienean. “Bretainia, Suiza, Madrid edo Bizkaiko taldeak be zehaztuta daukaguz” dinoe, baina aurrerago emongo dabe horren barri. Aprilaren 22rako be ekintza bat daukie antolatuta Igorren eta laster jakingo dira zehaztasunak.

Ostera, 2023ko edizinora begira be kamisetea atera dabe eta salgai daukie honezkero. “Musik and Beer jaialdian bertako ekoizpena sustatzen dogu, 0 kilometroa, beste modu batera esanda. Ingurumen erantzukizuneko erispideak sartu eta erraztea da gure helburua, prozesu eta produktu ekologikoen eta 0 kilometroaren bidez, ingurumen onura nabaria sustatuz. Aurtengo kamisetearen produkzinoaren prozesua da horren adibide garbia, Arteako Basoan dagoan Torontilek egin dau; baina ez hori bakarrik, Euskal Herrian ekoiztutako Basqueland Brewing garagardao artisauagaz egiten dogu lan. Hazkunde ekonomiko iraunkorra, inklusiboa eta jasangarria, enplegu osoa eta produktiboa eta guztiontzako lan ganorazkoa sustatzea dira gure helburuetariko batzuk be” dinoe antolatzaileek.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!