gabonak

Gabonetarako egitaraua antolatu dabe Laminetxe Gaztetxean

Asier Abrisketa 2022ko abe. 23a, 10:45
'La Haine' pelikulako fotograma.

Bertso saioa, La Haine pelikulearen proiekzinoa, Arratiako gaztetxeen inguruko mahai-ingurua eta erropak margoztuteko tailerra egongo dira datorren astean.

Areatzako Laminetxe Gaztetxean, lau eguneko egitaraua antolatu dabe gazteek, abenduaren 26tik 29ra. Egun bakotxeko, ekintza desbardin bat egongo da: bertsoak, proiekzino eta solasaldia, mahai-ingurua eta tailer bat hurrengoz-hurrengo.

Bertso saioa izango da lehena, hilaren 26an. Iluntzeko 19:00etan Peio Lago, Janire Arrizabalaga eta Araitz Katarain batuko dira Laminetxeko oholtzan, Amaiur Irazabalek botatako gaiakaz kantetan.

Hurrengo egunean, hilak 27, La Haine -Gorrotoa- pelikula frantziarra proiektauko da 19:00etan. Mathieu Kassovitz-ek zuzendutako filmak Pariseko auzo pobre bateko judu, arabiar eta baltz baten istorioa kontetan dau, indarkeria poliziala eta arrazakeria ardatz dituala. Gero, gai honeen inguruko solasaldia egingo da.

Abenduaren 28an ostera, Arratiako gaztetxeak izango dira berbagai 18:00etatik aurrera. Laminetxe, Karabie eta Kiñu gaztetxeetako kideak egongo dira mahaiaren inguruan batuta, bizipen eta esperientziak alkarbanatzeko.

Amaituteko, abenduaren 29an oihalak margozteko tailerra egingo da, goizez, 10:30ean. Bakotxak bere erropak, zaharrak ala barriak, eta boltsak eroan ahalko dauz, bakotxaren gustura pintetako.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!