JAIAK

Gaur ospatuko da Euskal Jaia Areatzan

Erredakzinoa 2022ko urr. 15a, 12:11

Bazkariaren prezioa 17 euro dira eta txartelak Areatzako tabernetan erosi daitekez eguazten gauera arte.

Areatzako Euskal Jaia badator eta bertan, euskal sukaldaritza zaharra edo tradizionala dastatzeko aukerea egongo da. Goizean bertako produktuen dastaketea; bazkarian, marmitakoa, saiheski errea eta pantxinetea, gura izan ezkero sagardaoagaz edo ardaoagaz eta iluntzean berakatz-zopea.

Merkaduak eta musikeak osotuten dabe egitaraua. Inguruko nekazari eta artisauek 25 postu inguru ipiniko dabez plazan eta inguruetan.

Goizean, nekazal eta artisau azokeagaz hasiko da jaia, bertako produktuen dastaketea be goizean zehar izango da, 11:30ean eta 12:30ean gaztaia dastatu ahal izango da eta 12:00etan eta 13:00etan txakolina eta bermuta. Parte hartzeako izen emon behar da Gorbeialdeko postuan. 13:00etan Akelarre Grass Brass taldeak kalejirea egingo dau herriko kaleetan zehar.

Herri bazkaria 15:00etan izango da frontoian eta bertan euskal sukaldaritza tradizionaleko jatekoak dastatzeko aukerea egongo da. Hasteko, gilda bat egongo da; lehenengo plater moduan, marmitakoa; bigarrena, saiheski errea tximitxurriagaz eta postretzat, pantxinetea. Hau dana, ogia, ura, kupeleko sagardaoa eta urteko ardaoagaz. Gero kafea. 

Arrastiko 18:00etan, Frakazuri Gazte Asanbladeak antolatuta, kuadrillak Herri Olinpiadetan neurtuko dira. Ostean, 19:00etan, kalejirea egongo da Arratiako Eingo eskolako trikitilariakaz. Afaltzeko, 20:30ean, berakatz-zopea egongo da. 21:00etan, Lehian taldeagaz erromeria egongo da plazan eta ostean Oihan Vega dj-ak luzatuko dau jaia goizaldera arte.


Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!