Urri bigarrenean ipiniko dira martxan Areatzako ludotekea eta gaztelekua

Asier Abrisketa 2021ko ira. 23a, 11:35

Ludotekan umeen izena emoteko epea hilaren 27an zabaldu eta 29an zarratuko da. Areatzako Udalak Zaztaparrakaz batera antolatu ditu ludotekea eta gaztelekua.

Gaztelekua urri bigarrenaren 1ean zabalduko da, gazteak libre sartu eta urten ahalko dira baina begiraleak egongo dira plazako lokalean. Barikuetan 19:00etatik 22:00etara egongo da zabalik, zapatuan barriz ordu bat luzatuko da zarratuteko ordua, 23:00etan.

Ludotekan, Haur Hezkuntzako 3, 4 eta 5. mailako eta Lehen Hezkuntza osoko umeak izango dabe izena emoteko eskubidea. Honetarako, hurrengo astelehen, martitzen eta eguaztenean ludotekara hurbildu beharko dira gurasoak arrastian, 17:00etatik 18:00etara.

Urri bigarrenaren 4an zabalduko dauz ateak Areatzako ludotekeak, 17:00etatik 19:30era. Astean ume bakotxa egun baten baino ezin izango da joan. Izan be, Areatzako Herri eskolako erispidea jarraituta antolatu dira txandak. Talde itxi honeetako bakotxak ludotekan be errespetauko dira: astelehenean HH3, martitzenean LH 1-2, eguaztenean  HH 4-5, eguenean LH 3-4 eta barikuan LH 5-6. Ludotekearen eukierea %60 izango danez, hau gainditu ezkero bigarren talde bat antolatzea aztertuko dabe Zaztaparrak taldeak eta Udalak.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!