Areatzako Mendi Martxa berezia prestatu dabe aurten

Asier Abrisketa 2021ko ira. 15a, 17:13

Hiru ibilbide egongo dira aukeran, laburra, ertaina eta handia. Hilaren 18an, zapatua, izango da mendi martxea baina ez da bateratua izango, izan be bakotxak ebatziko dau ze ordutan hasi. Martxako parte-hartzaileei tontorretan argazkiak aterateko deia luzatu jakie, gero Udalak bideo bateratu bat egiteko. 

Ibilbide laburra 10,84 kilometrokoa izango da, 560 metroko desnibelagaz. Upoko tontorrera igongo dira parte-hartzaileak, gero Elorribirako bidea hartu eta Upo azpitik joango dira Areatzara bueltan. Esteka honetan azaltzen dira ibilbidearen zehaztasunak.

Ibilbide ertainak barriz 15,5 kilometroko luzeerea izango dau eta desnibela 850 metrokoa da. Perretxikozalako pistatik igongo dira martxakoak Upokomakatzatik pasau eta Larrederrera heldu arte. Handik Karkabitxuetara igon eta barriro behera egingo dabe, Elorribirako bidean behera joan beharko dira ibiltariak Areatzara heldu arte. Esteka honetan azaltzen dira ibilbidearen zehaztasunak.

Ibilbide luzea 22 kilometrokoa da eta altuera desbardintasuna 1.050 metrokoa. Aurrekoen bidetik Upora igon eta Upokomakatzako iturritik Mendiganara joango dira parte-hartzaileak, Sustrigi menditik ibili beharko dira gero Garratura doan pistara arte. Handik eskoiera Atxalur eta Asparreta gailurren azpitik egingo dabe bidea Areatza eta Zeanuriko mugaraino, Bideutzetako pistea hartu, Atxarganera heldu eta Elorribiko bidean behera Areatzara heltzeako. Esteka honetan azaltzen dira ibilbidearen zehaztasunak.

Udalak dinoanez, bidean ez da horniketa posturik egongo. Baina bidean "bi edo hiru" iturri dagozala gogoratu dabe.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!