Igorreko Iñaki Akesolok gitarreagaz eta Dimako David Ibarra "Houston"-ek gitarra eta ahotsagaz osotuten dabe A&H taldea eta gaur, maiatzak 23, honeek zuzenenean entzuteko atzen aukerea egongo da Arantzazuko Herrikoa tabernan. Kontzertua 21:30ean hasiko da eta konbidadu berezi bat egongo da eurekaz, Juan Mari Aurtenetxe "Txirpu" dimoztarra.
Hamar urte inguruko lanaren ostean, igaz, 2023an kaleratu eban talde arratiarrak, Lubakiak hamairu abestiz osotutako diskoa. Rock opera honetan, XX. mendeko atzen hiru hamarkadetako Euskal Herria erakusten da eta hedabideen poderearen inguruko hausnarketea be egiten da, besteak beste. Kanten hitzak David Ibarrak sortutakoak dira, eta musikea taldekide bien artean sortu eben.
Ibilbide luzea musikan
Akesolo eta Houston 1991 urtetik dabiz alkarlanean. Urte haretan The Impresentables taldean ibili ziran. Talde honegaz disko bi kaleratu eta gero, beste talde bat sortu eben, Harrobi. Harrobi taldeagaz, Moai diskoa atera eben 2005ean, eta Harrobian Indusi izenekoa 2009an. 2018an, Houston Pub taldeagaz, rock klasikoen bersinoez osotutako diskoa kaleratu eben. Azkenik, bikote moduan, A&H, Lubakiak rock opera bat kaleratu dabe, euren lan guztietan legez, betiko rock musikan oinarritutakoa.