Feroskana parke eolikoa izenagaz, Zeberioko lurretan, 4,7 MWko bost aerosorgailu eta Bediako lurretan bat ipintea aurreikusten dau Ferosca Wind (Delta Power) enpreseak aurkeztutako proiektuak. Eskualdean inpaktu handiena eukiko leuken proiektua da, baina ez bakarra; izan be, Plaury Energyk Kastillo parke eolikoaren proiektua dauka, Ubide, Legutio eta Otxandioko lurretan. Aurten ebatziko da Mandoiako mendilerroan aerosorgailuak eregiko diran ala ez eta Makatzak talde ekologistatik, martxan ipini dira proiektuari aurre egiteko.
Holan, aprilaren 2an berbaldia antolatu da Arantzazuko Kulturgunean, 19:00etatik aurrera. Makatzakeko kideek proiektuaren nondik norakoak azalduko ditue eta horrezaz gainera, honen kontra egiteko errazoi ekologikoak mahaigaineratuko ditue.
Domekan, aprilak 6, proiektu honen inguruko lanketeagaz segiduko dabe, Zeberioko Hogarrean. Arrastiz, 18:00etatik aurrera, Vidas irrenovables makroproiektu energetikoen gaineko dokumentala eskainiko da eta gero, Francisco Jose Vaquero zuzendariak hartuko dau berbea, Mandoiako proiektua be mahai gainean egongo dalarik.