Ziminttere Txaramela Pasta eta Olatxuko Laboreak ekoizleek barriki sortutako proiektua da, andra baserritarrengan fokua ipinten dauan ekimena. "Zimintteretik (hazia) hasi, lurra eta elikagaien ziklo osoa ezetu, elikagaien jakituria sukaldatu eta era kolektiboan indartzeko alkartea gara, elikadura burujaubetzan oinarrituta emakumeen arteko elkargune zainduak sortzeko asmoz eratua", dinoe euren aurkezpenean. Holan, agroekologiaren baloreetan oinarrituta, "sukaldearen inguruan sortutako iruditegi kolektiboa irauli eta elikadurea oinarri, andrak ahandundu eta era berean landa eremua, herria eta jente-artea elikaduratik iraultzeko apustua" egiten dabe.
Proiektu honen lehenengo ekimena, elikadura burujaubetza eta sukaldaritzearen ikuspegi feministea batzean diran andrentzako tailer ziklo bat da. Arantzazuko Kultur Gunean egingo da hiru saioko tailerra: martiaren 27an, maiatzaren 8an eta maiatzaren 29an; beti be, 17:30etik 20:30era. Zikloari amaierea emoteko, "mokadu han kolektiboa" egingo dabe Fikan bagilaren 15ean, Olatxuko Laboreak proiektu agroekologikoa ezetuteaz gainera. Izena emoteko ziminttere@gmail.com helbidera idatzi behar da. Plaza mugatuak dagoz eta Arratian 12 izan daitekez gehienez partaideak baina Bilbon eta Getxon be egingo dira tailerrak, aprilean hasiko dira honeek.
Hiru saio
Lehenengo tailerrean, Haziera izenekoan, andrak belaunaldiz belaunaldi transmitidutako jatekoen gaineko jakiturea landuko dabe. “Gure hasiera da, aurreko belaunaldiei begirada bat bota eta horreei garrantzia emon gura deutsagu” azaldu deutso begituri Izaskun Urbaneta Zimintterekoak.
Bigarren tailerrean, Beharretik plazerrera izenekoan, andren beharra, espazio pribadu eta askatasun faltearen ikur izan dan andrak eta sukaldearen arteko lotureari, beste esangura bat eta beste irakurketa bat egingo deutsee plazerretik eta feminismotik abiatuta. “Zentzumenetan oinarritutako saio gastronomikoa izango da. Beharretik plazerrera salto egingo dogu, modu kolektiboan, eta elikagaien garrantzia landuko dogu”.
Lokala globala da, sukaldeak batzen duena da hirugarren tailerraren izena. Elikadura globalak eta elikatzeko erritmo aldaketeak, lurragazko eta jatekoakazko loturea zelan ahaldu dauan landuko dabe. Munduko sukaldaritza kulturea ezetuteko aukerea egongo da eta presentzia izango dau tailer honetan.