Arginatx Mendi Talde arantzazuarrak lehenengoz antolatu dauan mendi lasterketa herrikoia da Sansilbestrail. Abenduaren 28an, arrastiz egingo da bost kilometroko ibilbide aldapatsua (350 metroko desnibela) daukan lasterketea. Izen-emotea kronoak.com webgunean emon daiteke atzen momentura arte, lasterketa eguneko 12:00etara arte hain zuzen be. Zazpi euroko kostua dauka izen-emoteak eta opari moduan, mendiko kaltzetin parea jasoko dabe parte-hartzaileek.
Lasterketea Arantzazuko plazatik urtengo da 16:00etan eta berezitasun moduan, antolakuntzeak mozorrotuta joatera animau ditu korrikalariak; mozorro onenak be, saria jasoko dau. Basoa jagotea be eskatzen dabe antolatzaileek eta txakurrik ezin dala eroan gogorarazo. Sariak eta dutxetako aukerea egongo da eta lasterketea amaitutakoan parrilladea egongo da parte-hartzaileentzat.
Mendia ez da dana izango, herrian giro ona espero da-ta. Jaia animetako, 21:00etatik aurrera, kontzertuak egongo dira Herriko Tabernan. Punk-rock talde bi igongo dira oholtzara: Galazota talde arratiarra eta Durango eta Elorrioko kideak dituan Reder taldea.