Gueñes-Itsaso goi tensinoko linearen torreak eraikitzen jarraituten dau Red Electrica de Españak

Asier Abrisketa 2021ko abu. 4a, 12:59
argazkia: Igor Bernaola

Mandoian 70 metroko torre bi altxetan dabiz daborduko eta hasi dira Arratia eta Zeberion eregi beharrekoen lanen prestaketeagaz. San Inazio egunean Belatxikietara igon ziran Makatzak Arratiako Ekologista taldekoak egoerea ezetutera emon eta goi tensioko linea legez kontrakoa dala gogoratuteko.

Arduratuta agertu dira Makatzak taldekoak Gueñes eta Itsaso arteko "autopista elektrikoaren" obrak dirala eta. 73 kilometro eta erdiko bidean, 70 metroko 132 torre eregi gura dauz Red Electrica de España enpresak. Tarte honetan dagoan laugarren goi tensinoko linea izango da hau. Bide horretan dagoz Zeberio, Igorre, Lemoa eta Bediako mendi eta basoak, Bizkaia eta Gipuzkoako beste 21 herriren artean. Ingurumenaren gaineko eragin handia izango dau 400 kilovolt garraiatuko dituan lineak, eta honen kontra dabiz lanean Autopista Elektrikoaren Kontrako Koordinadorakoak eta Makatzak taldekoak Arratian.

Makroproiektu honek ez dau lortu Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena, Aramotz inguruan bizi diran sai zuriak eta honeen habitata arriskuan ipinten dauzalako. Babestutako espeziea da saizuri edo alimotxea, mundu osoan desagertzeko arriskuan dago eta. Gogoratu behar da, 2009an Enagas enpreseak gas hodi bat instalau ebala bertan eta saizuriaren txitoa hil egin zala. 60.000 euroko isuna jaso eban Enagasek.

Halanda be, REE enpresak aurrera jarraitu dau Espainiako Gobernuaren baimenagaz, ingurumen konpetentziak Diputazinoaren esku dagozala ahaztuta. Makatzak taldekoak makroproiektua legez kanpokoa dala dinoe eta arratiarren inplikazinoagaz lanak gelditu ahal dirala be uste dabe. Baina hau gelditzeko lehenengo erantzunkizuna Diputazinoak daukala gogoratu dau Makatzak-ek, bere konpetentziak erabili behar dauzalako Bizkaiko altxor naturalak jagoteko.

argazkia: Igor Bernaola

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!